Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da. Elkar mugituz egingo dugu lelopean, antolatzaileek “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” izatea nahi dute, ez egun jakin batzuetara mugatzen den ariketa soziala. Horretarako, aktibazioan, emozioetan eta elkarreraginean jarri dute arreta. Izan ere, frogatuta dago Euskaraldia eraginkorra dela hizkuntz ohiturak aldatzeko, baina antolatzaileek aitortu dute ez dela nahikoa eta mugak dituela. Horregatik, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizi izateko modua aldatzea proposatu dute, Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta gizarte dinamika indartzeko. Hala, Euskara aktibatzaileen gida-liburua ere prestatu dute, mugimendua sortzeko, sarea osatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gakoren bilduma. Herriek eta entitateek dagoeneko eman dezakete izena Euskaraldian; ahobizien eta belarripresten txanda, berriz, martxoan izango da. Denok prest?