Uztailaren 11tik 31ra egingo da aurtengo Urmuga. 2020tik egin izan den legez, isurialdeen banalerroari jarraikiz, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du ekimenak, bideko parajeetan kontzertuak eskainiz. Aurtengoa orain arteko “handiena eta bereziena” izango da, hainbat nobedade izango baititu. Esaterako, zeharkaldi osoa ez da ur mugatik egingo, eta Kantauriko eta Ebroko isurialdeetako lurretan ere ibiliko dira. Bidean, 25 emanaldi baino gehiago eskainiko dira, hainbat lekutan: Uxue, Baigorriko Etxauzia gaztelua, Gaztelugatxe, Orbaizeta, Amezketa... Kontzertuetan, Et Inkarnatus orkestrako kideak ariko dira, beste zenbait musikarirekin batera: Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Janus Lester, Lorea Zulaika... Sormen lan berriak ere aurkeztuko dira, hala nola ekimenerako berariaz sortutako Ipuskoa 1000 ikuskizuna. Ekimenari buruzko informazio guztia www.urmuga.eus atarian paratu dute. Bertan, gainera, ibilaldietarako nahiz musika emanaldietarako izena emateko aukera dago.