Txotx garaia hasia da. Aurtengo sagardoa dastatzeko sasoia iritsi da, sagardotegiek urtarrilean han-hemenka kupelak irekitzeko ekitaldietan iragarri dutenez. Tokian tokiko irekierez gain, Euskal Herri osoko sagardogileek batera aurkeztu dute txotx denboraldia, lehen aldiz. Donostian elkartu ziren, urtarrilaren 9an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko sagardogileak, eta lurralde bakoitzeko kupel bana zabaldu zuten. Euskal Sagardoa jatorri izenaren bilakaera irudikatu zuten horrela. Izan ere, mugaz gaindiko lehen jatorri izena bihurtzear dago. Oraingoz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileak daude jatorri izenaren barruan, baina Ipar Euskal Herrira hedatzeko bidean da, eta Nafarroa sartzeko konpromisoa ere badago. Nolakoa izango da aurtengo Euskal Sagardoa? 2 milioi kilo pasatxoko sagar uzta baliatuta, 1.300.000 litro inguru ekoitzi dituzte. Iazko uzta aurrekoa baino txikiagoa izan zen, baina nortasun handiko sagarra eman zuen. Uzta horrekin, gorputz handiagoko sagardo koloretsuagoak egin dituzte. Dastatu al dituzue?