Naturako elementuek hirietako beroa murrizten dutela jakina zen. Bada, Surreyko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eginiko ikerketa batek ahalik eta gehien zehaztu du onura hori, bero boladetan izan dezaketen eragina neurtzeko. Horretarako, 27.000 ikerketa artikuluren artean 202 aukeratu eta aztertu dituzte, hirietako azpiegiturak aintzat hartuta. Hala, besteak beste, lorategi botanikoek hiriguneko tenperatura 5 gradu gutxi dezaketela ondorioztatu dute; hezeguneek, 4,7 gradu; euri-lorategiek, 4,5 gradu; kalean landatutako zuhaitzek, 3,8 gradu; eta parkeek, 3,2 gradu. Itzala sortuz, hezetasuna askatuz... naturako elementuek modu askotan apaltzen dute hiriko tenperatura, nazioarteko 29 zientzialarik egindako ikerketan jaso dutenez. Dena den, naturako elementuak hirira modu planifikatuan eraman behar direla nabarmendu dute, ez edonola.