Euskarak gaur egun bizi duen egoerak arduratuta, manifestazioa antolatu du Gazte Euskaltzaleen Sareak. Euskara aurrera lelopean egingo da, maiatzaren 21ean, Donostian, 17:30ean Antiguako tunelean hasita. Hainbat pertsona ezagunen babesa jaso du: Oinatz Bengoetxea, Yogurinha Borova, Lorea Agirre... Euskararen egoera kezkagarriaz mintzatzean, hainbat adibide eman dituzte: azkenaldian euskararen kontra hartu diren zenbait erabaki judizial, euskarak pantailetan duen presentzia eskasa... Hori aldatzeko, gainera, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko elkarlana eta akordio berriak behar direla nabarmendu dute. Hala, “herri bultzada berria” eskatu dute. Manifestazioan “urrats erraldoia” egiteko deia egin diete euskaldunei eta "Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duzuon herritar guztioi". Deialdiari atxikimendua azaltzeko aukera ere badago, change.org webgunean.