Euskal Herrian, 27 saguzar espezie daude. Denak ere babestuak. Ekosistemetan funtsezko rola betetzen dute animaliok. Haatik, gaur egun ez dago haien banaketa geografikoari edo ugaritasunari buruzko datu zehatzik. Hori dela eta, Naturtzaindia Kontserbazio Biologiaren Elkarteak Euskal Herriko saguzarren gida ondu du, Arrasateko Udalaren laguntzarekin. Hauek dira gidaren helburuak: Euskal Herrian dauden 27 espezieak ezagutaraztea, saguzarren aniztasuna erakustea eta herritarrak saguzarren kontserbazioan laguntzeko sentsibilizatzea. Gidak saguzarrei buruzko jakingarriak biltzen ditu, bai ezaugarri orokorrak bai Euskal Herrian bizi den espezie bakoitzari buruzkoak ere, argazki, ilustrazio eta guzti. Naturtzaindiaren webgunean (https://naturtzaindia.com/) deskarga daiteke. Bestela, paperezko euskarrian ere eros daiteke, Gipuzkoako eta Arabako zenbait lekutan. Elkartearen webgunean ikus daitezke salmenta guneak.