Aurten, Nestor Basterretxea artista izango du gogoan Urmuga jaialdiak, 2020tik mendia eta musika uztartzen dituenak. Bi urterik behin, partaideek Euskal Herria mendebaldetik ekialdera gurutzatzen dute, oinez, eta eguneroko ibilaldia kontzertu batekin amaitu ohi dute. Ekitaldi handia egiten ez den urtean, ostera, Urmugaren Urtanta antolatzen dute: laburragoa, ibilbide motzagoekin, baina musika eskaintzari eutsita. Hala, aurten, lau emanaldi izango dira, beste horrenbeste lekutan: uztailaren 22an, Hondarribian; 23an, Arantzazun; 25ean, Bakion; eta, 28an, Gaintzan (Nafarroa). Denek dute Basterretxearekin zerikusia eta denetan, halaber, Et Incarnatus Orkestra izango da emanaldietako gidaria, beste euskal musikari eta artista ezagun batzuen laguntzarekin: Donostiako Orfeoia, Eñaut Elorrieta, Olaia Intziarte, Anje Duhalde, Idoia Asurmendi, Xabier Leturia... Gainera, Hondarribiko eta Arantzazuko emanaldietan jaialdirako propio sortutako ikuskaria eskainiko dute. Jaialdiaren xehetasun guztiak www.urmuga.eus gunean ezagut daitezke.