Urte eta erdi joan da Beskoitzeko ikastolaren afera1 orrialde honetara ekarri genuenetik. Orduko berria ez zen ona: Herriko Etxeak Seaskari jakinarazi zion ikasturte amaieran barrakoi prefabrikatuz osatutako ikastola legez kanpokoa izango zela eta aurrerantzean ezingo zuela eskolak emateko baliatu. Bestelakoa da albistea orain: ikastola berria eraikitzeko lursaila lortu du Seaskak, eta 2026-2027 ikasturterako irekiko ditu ateak, non eta herriko erdigunean bertan. Azken urteotako borroka, hortaz, ez da antzua2 izan. Lorpena duela urtebete Herriko Etxearen osaera aldatzearen ondorio ere izan da, aurrekoak behin eta berriz erakutsi zuelako ikastolaren eta euskararen aurkako jarrera irmoa3. Orain, aldiz, negoziazioa “giro lasaian” egin ahal izan dutela adierazi du Seaskak: “Elkarlanean aritu gara, eta horrela lan eginez lortzen dira emaitzak”. Beskoitzeko eta inguruko haurrek, beraz, 2026ko ekainean esango diete agur, behin betiko, orain ikasgela dituzten barrakoiei. Izan daitezela ontsa4 egoitza berrian!
1. Afera: arazo, gatazka, problema.
2. Antzu: emaitzarik ematen ez duena.
3. Irmo: firme (es), ferme (fr).
4. Ontsa: ondo, ongi.