Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, azaroaren 4an dozenaka mila pertsona batu ziren Bilboko kaleetan euskara biziberritzearen aurkako epaiak salatzeko. Manifestazio oso jendetsua izan zen, eta jendeak Kontseiluaren aurreikuspenen gainetik erantzun zuen, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek aitortu zuenez. Manifestazioaren balorazio positiboa egiteaz gain, euskararen normalizazioan aurrera egiteko “itun soziopolitikoaren premia” nabarmendu zuen Eskisabelek. Era berean, euskararen normalizazioa jasaten ari den oldarraldiari erantzuteko tresna aurkeztu du Kontseiluak: Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko protokoloa. Azken hilabeteotan, euskalgintzako eta hainbat sektoretako eragileekin garatu du, oldarraldiari tokian tokitik eta bat eginda erantzuteko. Helbide honetan dago eskuragarri: www.kontseilua.eus/protokoloa.