Gizatxar bat baino gehiago bidaliko genuke, baina halakorik ezin, oraingoz. Norberaren izena, ordea, Jupiterrera bidal daiteke. Nola? Mikrotxip batean grabatuta. Aukera hori zabaldu du NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak, orain prestatzen ari den Clipper misioaren bitartez. Jupiter planetako Europa ilargia aztertzeko asmoz, 2024ko urrian NASAk Clipper misioa jaurtiko du. Helburua, Europako atmosfera aztertzea, baita ilargiaren azal izoztuaren azpiko ozeanoa ikertzea ere. Misioa dela eta, Message in a Bottle (Mezua botila batean) kanpaina jarri du abian. Horri esker, urtea amaitu bitartean jasotako jende izenak mikrotxip batean grabatuko dituzte, Ada Limon AEBetako poetaren poesia batekin batera: In Praise of Mystery: A Poem for Europa (Misterioaren laudorioa: Europarentzako poema). 2.600 milioi kilometro egin ostean, ondo bidean 2030ean iritsiko dira izenak Jupiterreko sistemara. Honako helbide honetan parte har daiteke kanpainan: https://europa.nasa.gov/message-in-a-bottle/sign-on/.