Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garagardogileek 2 milioi litro pasatxo ekoitzi zituzten 2023an. “Historia hurbilean lehen aldiz” gainditu dute bi milioi litroko langa, Euskal Garagardo Elkarteak nabarmendu duenez. Zehazki, 2.079.024 litro produzitu zituzten, 424 garagardo motarenak. Euskadiko garagardoaren sektorearen 2023ko txostena delakoan eman ditu datuok Euskal Garagardo Elkarteak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den 100 garagardotik 1,37 sortu ziren bertan. Hots, gainerako guztia, % 98,63, kanpotik ekarritakoa da. Nolanahi ere, bertoko garagardoen “balio handiagoari esker”, merkatu kuotaren % 2,8 daukate euskal garagardoek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako garagardo litroen % 95 Basque Beer dira. Marka kolektibo horrekin, garagardoa Euskadin egina dagoela adierazten dute ekoizleek. Gainera, txostenaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garagardogileen % 75 inguruk bertako lehengairen bat erabiltzen du. Merkatu kuota handitze aldera, aurrerantzean Basque Beer marka indartzeko asmoa du elkarteak.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.