Klima aldaketa. Horra 2024. urteko hitza, Euskaltzaindiaren eta UZEI terminologia eta lexikografia zentroaren ustez. Iaz, muturreko zenbait gertakari meteorologikok arazo larri ugari eragin zituzten, han eta hemen. Ondorioz, 2024an protagonismo nabarmena izan zuen terminoak, eta horrexegatik aukeratu dute joan den urteko hitz. Klima aldaketa esamoldea 2022ko urtarrilaz geroztik ageri da, azpisarrera gisa, Euskaltzaindiaren Hiztegian: ‘Lurreko klimaren ezaugarrien aldaketa, bereziki giza jarduerak eraginikoa’ du adiera. Dena dela, hiztegian lekua egin aurretik ere asko erabiltzen zen kontzeptua. Lehorteak, uholdeak, batezbesteko tenperaturen igoera... muturreko gertakari meteorologikoak ugaritu ahala, klima aldaketaren gaineko kezka areagotu egin da. “Azkenaldian, gero eta maiztasun handiagoz erabili da komunikabideetan, jendaurreko solasaldietan eta sare sozialetan”, Euskaltzaindiaren eta UZEiren esanetan. Horrenbestez, urteko hitz izendatu dute.
Eta 2024ko hitzak, zein?
Urteko hitza ez ezik, beste batzuk ere aukeratzen ditu UZEIk, hedabideetan eta sare sozialetan zeresana eman duten gaiak aintzat hartuta. Guztira, 15 hitz bildu ditu: pinporta, urtarrilean euskal hondartzetara iritsi ziren plastikozko bola txikiak izendatzeko baliatu zena; janela, Gorka Urbizuren Janela bat abestiari izena eman ziona; merkeflazioa; genozidioa, Gazan gertatzen ari dena gogoan; xoka, hitano ez-binarioa izendatzen duena; neorrural edo neolandatar; Espainiako politikaren mundutik iritsitako lokatz makina; libertario; akainek eragiten duten Lyme gaixotasun larria; katalanek hiztegi arauemailean xistorra sartu dutela eta, txistor; sionista, Meta multinazionalak hitza erabiltzea gorroto diskurtsotzat jo duelako; migrazio zirkular eufemismoa; saltxitxa begetal izendapen komertziala; Valentzian (Herrialde Katalanak) tragedia eragin zuen GOIDI edo goi-geruzetako depresio isolatu terminoa; eta Aner Peritz Manterola Euzkitzek, haurra zeneko oroitzapen gogorrak gogoan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bertso batean erabilitako mendekua.