NASAk ustekabean aurkitu zituen, iazko apirilean, Gerra Hotzaren garaiko base militar sekretu baten hondakinak. Chad Greene zientzialariak, Groenlandiako izotz geruza bat radarrez monitorizatzen ari zela, lurrazaletik 30 bat metroko sakoneran lurperatutako zerbait hauteman zuen: AEBetako Camp Century base militar sekretuaren hondakinak. ‘Izotz azpiko hiria’ izenez ere ezagutzen zen 1959an eraikitako basea, baina 1967an abandonatu egin zuten, izotz geruza ez zelako hasieran uste bezain egonkorra. Gero, urteen poderioz, elurrak eta izotzak dena estali zuten. NASAk AEBetako base horren radar irudiak argitaratu ditu orain; horietan, nabari da eraikitako tunelen konplexutasuna, nahiz eta izotz geruzen azpian apenas ikusten diren. AEBetako Armadako ingeniariek eraiki zuten Camp Century basea, gainazal izoztuaren barruan tunel sarea zulatuz.