Martxoaren 7tik 27ra egingo da Bilbon 8. Loraldia Festibala. Hemezortzi egunez, 110 artistak baino gehiagok hartuko dute parte hiriko 14 gunetan eskainiko diren diziplina anitzeko ekintzetan: musika, antzerkia, artea, dantza, bertsolaritza, literatura... Hautsi zen anphora! leloa izango du aurten jaialdiak, duela lau hamarkada Ruper Ordorikak ondutako Hautsi da anphora diskoari zuzeneko erreferentzia eginda. Hain zuzen, lan hura eszenaratuko dute Ruper Ordorikak & Mugalaris-ek jaialdian. Egungo kulturgile ezagun asko eta asko batuko ditu, oraingoan ere, Loraldiak: Ordorika bera, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi... Era berean, euskal kulturako zenbait erreferente ere izango ditu gogoan, hala nola Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor eta Eulalia Abaitua. Talentu berri eta gazteei ere lekua egingo zaie, Loraldia Terminalari esker. Egitarau osoa eta sarrerak www.loraldia.eus webgunean daude eskuragai.