National Geographic Society-ko Pristine Seas proiektuko taldeak munduko koral koloniarik handiena aurkitu zuen, joan den urrian, Ozeano Bareko hego-mendebaldeko artxipelagoan. Inoiz erregistratutako handiena da: 34 x 32 metro neurtzen du, eta genetikoki berdinak diren ia 1.000 milioi koral polipoz osatua dago. Hareaz inguratuta, gehienbat marroia da, arrosa, hori, gorri eta urdin koloreko zati batzuekin. 300 urte inguru dituela kalkulatu dute, baina zaharragoa ere izan liteke. Koral aurkitu berriak osasun bikaina duen arren, ikertzaileek kezka azaldu dute, koralak oso sentikorrak direlako berotze globalaren eta/edo gehiegizko arrantzaren mehatxuen aurrean. Hala ere, hain kolonia indibidual handia osasun egoera onean aurkitu izanak itxaropena ere piztu du haien artean, agian koralak krisi klimatikoari aurre egiteko gauza izango direlakoan.