Irunen, Frankismo garaian kontzentrazio esparrua izan zen Pequeña Velocidad izeneko pabiloia. Gipuzkoan zutik dagoen kontzentrazio esparru bakarra da, eta berdin jarraituko du. Izan ere, eraisteko arriskuan zegoen eraikina bere horretan mantenduko duela jakinarazi du ofizialki Espainiako Gobernuak. Irungo erdialdean, trenbide sarearen eremu handi bat berrurbanizatu egin behar dute, eta horretarako proiektuak ipini zuen arriskuan pabiloia. Egitasmoaren arabera, eraitsi egingo zuten, bi kaleen artean pasarela bat eraikitzeko. Hori ez gertatzeko lanean aritu dira Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan eta Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkarte memorialistak. Besteak beste, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea oinarri hartuta, kontzentrazio esparrua babesteko eta memoria gune izendatzeko eskatu zuten Irungo Udalean. Eskaera hori aintzat hartuta etorri da oraingo erabakia. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak pasarela egiteko proiektua adostu dute, eta, horren barruan, kontzentrazio esparrua zutik geratuko da, iraganaren lekuko.