Ernest Shackleton esploratzailearen Endurance brigantina topatu dute Antartikako uretan. 1915ean hondoratutako ontzia Weddell itsasoan aurkitu dute, hiru mila metroko sakoneran. Agulhas II izotza hausteko ontziak topatu du, helburu bikoitzeko espedizioaren baitan: batetik, Endurance bera topatzea; bestetik, Antartikako izotzetan klima aldaketaren eraginak ikertzea. Hondoratutako ontziaren irudiak jasota, egoera onean dagoela egiaztatu dute, ia kalterik gabe. Zehazki, hondoratu zen lekutik zazpi bat kilometro hegoaldera topatu dute (hondoratu aurretik, 1915ean, Frank Worsley kapitainak kokapena zehaztu zuen). Oso ezaguna da Endurance ontzia, Shackletonek gidatutako espedizioak bizi izan zuenagatik. Shackleton Londrestik abiatu zen Antartika alde batetik bestera oinez gurutzatzeko asmoz. Haatik, ontzia izotzak harrapatuta geratu zen, eta azkenean itsas hondora joan, izotzaren presioak eraginda. Shackletonek eta ontziko eskifaia osoak bizirik ateratzea lortu zuten, Antartikan balentria gogoangarria egin ostean: Londrestik irten zirenetik erreskatatu zituzten arte, bi urte eta erdi igaro ziren.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.