Aurrekoa jokatu zenetik lau urtera beharrean bost urtera, pandemiaren eraginez, irailetik abendura egingo da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hemezortzigarren edizioa izango du, eta Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena. Hamalau saio izango ditu txapelketak: Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean. Hain zuzen, Nafarroako hiriburuan jokatuko da, estreinakoz, finala, Nafarroa Arenan. Aurretik, irailaren 24an hasita, sei saio jokatuko dituzte lehen fasean, asteburu bakoitzean bi; eta zazpi finalaurreko, asteburuko bat. Guztira, 42 bertsolari lehiatuko dira Maialen Lujanbiok 2017an eskuratutako txapelketa irabazteko. Hain justu, Lujanbio bera da finalean toki ziurra duen bakarra. Saio guztietarako sarrerak ekainaren 23an jarri zituzten salgai www.bertsosarrerak.eus atarian, beraz, txapelketaz gozatzeko asmoa duena ibil dadila azkar!