Argi-ilunak ditu euskararen markak
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko NIK ikerketa taldeak euskararen inguruko iruditeria aztertu du Euskararen marka izeneko azterlanean, komunikazioaren, marketinaren eta hizkuntzaren alorrei erreparatuta. 2019an abiatutako proiektuan, 1.188 herritarri egindako inkestak eta eztabaida taldeetan jasotako gogoetak baliatu dituzte. Bost esparrutan aztertu dute euskararen marka: aktibitatea, atxikimendua, jarrerak, asoziazioak eta antzematea. Emaitzek denetarik erakutsi dute, bai alde onak bai txarrak. Oro har, gure hizkuntza ezaugarri positiboekin lotzen bada ere, badira ezaugarri negatiboagoak, hiztunak ez dituela gehiegi aktibatzen, esaterako. Hala, gauza onekin batera, arrisku batzuk ere antzeman dituzte. Estitxu Garai ikerketa proiektuaren zuzendariak azaldu bezala, “ezaugarritzea positiboa da, baina izaera mitikoarekin lotuta, hizkuntza bitxia eta zaila delakoan; maitatua da, bai, baina eguneroko funtzionaltasunetik urrun”. Bada, beraz, zer landu eta zer aldatu.