Munduko landarerik handiena Australian topatu dute
Australiako mendebaldeko kostaldeko uretan aurkitu dute munduko landarerik handiena: Posidonia australis, 200 kilometro koadro neurtzen dituena. Gainera, gutxienez 4.500 urte dituela uste dute zientzialariek. UWA Mendebaldeko Australiako Unibertsitateko zientzialariek topatu dute, kasualitatez, Shark Bay izeneko badian. Proceedings of the Royal Society B zientzia aldizkarian jakinarazi dutenez, Posidonia australis landarearen aniztasun genetikoa ari ziren aztertzen. Badia osoko laginak jasota 18.000 markagailu genetiko aztertzean, denak landare berarenak zirela konturatu ziren. Haien ustez, hazi bakarretik abiatuta, klonazio bidez hedatu da landarea badia osora. Normalean urtean 35 zentimetro hazten dela kontuan hartuta, egungo tamaina lortzeko 4.500 urte behar izan dituela ondorioztatu dute. Handia ez ezik, zaharra ere bada, beraz. Baita erresilientea ere, tenperatura eta gazitasun gama zabala pairatu behar izan duelako urteotan guztiotan.