Narrastiak ez daude desagertzeko arriskutik libre
Bost narrasti espezietik bat desagertzeko arriskuan da. NatureServe, IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuna eta Conservation International erakundeek 10.196 narrasti espezie aztertu dituzte, eta horietatik 1.829, gutxienez, galtzeko zorian daude, Nature aldizkarian jakinarazi dutenez. Halere, galtzeko arriskuari dagokionez hainbat maila bereizi dituzte: batzuk egoera zaurgarrian daude, beste batzuk arriskutsuan eta beste hainbat egoera oso larrian. Narrasti espezieen artean egoerarik larriena krokodiloek (% 50 arriskuan) eta dortokek (% 57,9) dute. Arriskuan egoteko arrazoiak, ostera, denak daude gizakiarekin lotuta: ehiza, nekazaritza, zuhaitzen mozketa, hirien hazkuntza eta espezie inbaditzaileen ugaltzea. Klima aldaketaren arriskua ez dute horren ziurtzat jo, ordea.