Nerabeek ia ez dute gurasoen ahotsa entzuten
Stanfordeko (AEB) Medikuntza Eskolako ikertzaile batzuen aurkikuntzak aita-ama asko lasaituko ditu: Journal of Neuroscience atarian argitaratutako lan baten arabera, 13 urtetik aurrera haurren burmuinek ez dute gurasoen ahotsa atsegin, eta gehiago sintonizatzen hasten dira ahots ezezagunekin. Ikerketa egiteko, adin ezberdinetako hainbat umeren amek hiruna hitz grabatu zituzten, eta haurrek ezagutzen ez zituzten bi emakumek gauza bera egin zuten. Ahots guztiak entzunda, % 97k ezagutu zuten amaren ahotsa. Ondoren, seme-alabak erresonantzia magnetikoko eskaner batean jarri zituzten, ahots grabazioak berriro entzuteko, eta ikusi zuten ahots guztiek aktibazio zerebral handiagoa eragin zutela nerabeengan txikiengan baino. Hots, hazi ahala, gure garuna ahots guztiekiko harkorragoa bihurtzen da, ez ahots gutxi batzuekiko bakarrik; horrexegatik “galtzen” da errazago gurasoen ahotsa nerabeen burmuinean.