Utzi bakean munduko zuhaitzik luzeena!
Hyperion izeneko sekuoia luzea (Sequoia sempervirens) da munduko zuhaitzik garaiena. 116 metro luze da 2006an Kaliforniako (AEB) Redwood Parke Nazionalean aurkitu zuten sekuoia. Handiagoak badira, baina ez luzeagoak. Nolanahi ere, luzeena izatea kontrako bihurtu zaio. Izan ere, Parke Nazionaleko arduradunek jakinarazi dutenez, ezaguna bihurtu denetik bisitari ugari joaten dira hura ikustera, eta horrek arriskuan jarri du. Azkenaldian, zabor eta gorozki asko topatu dituzte sekuoiaren inguruan. Gainera, ez du biderik gertu, beraz, bisitariek ingurua zapaldu eta hondatzen dute. Hori oso arriskutsua da zuhaitzarentzat, sekuoia mota honek sustraiak nahiko azalean dituelako eta, ondorioz, oso erraz kalte daitezkeelako. Horrenbestez, zuhaitzera gerturatzea debekatua dagoela nabarmendu behar izan dute parkeko arduradunek, eta zigorrak gogorarazi dituzte: 5.000 dolarreko isuna eta sei hilabeteko kartzela zigorra. Balioko al die ganorabakoak uxatzeko?