Kiskalita
San Joan heldu aurreko egunetan, sua hizpide izan zen Nafarroan. Ez onerako, zoritxarrez. Egun gutxiren buruan, han-hemenka piztutako sute larriek lurraldeko eremu ugari kiskali zituzten. 10.000 hektarea baino gehiago, soro, labore eta baso ugari, kalte larriak eraginda. Herri asko ere hustu zituzten, garrek mendean hartzeko arrisku bizian egon zirelako une askotan. Zorionez, halakorik ez zen gertatu, eta hildakorik eta zauriturik ez da izan. Hondamendia, ordea, izugarria izan da. Ezina, etsipena, kezkak... trumilka, suteen zergatiei buruzko galderen zein halakoak eragozteko hartu beharreko neurri eta baliabideen gaineko zalantzen antzera. Baina, era berean, errautsen artean argi izpiak ikusi ahal izan dira, suhiltzaile, boluntario eta herritarren lan eskerga, kasu, edota auzolan, lankidetza eta elkartasun irudiak, herri anitzetan suaren kontra ezinbestekoak. "Suak ez du legerik" dio esaera zaharrak. Nolanahi ere, gertatutakoak kontuan izan beharko dira, ez errepikatzeko beharrezko neurriak hartuko badira.