Nola entzungo litzateke gure ahotsa Marten?
2021eko otsailean iritsi zen Perseverance Martera, eta, ordutik, orotariko informazioa biltzen aritu da NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren ibilgailua. Besteak beste, Planeta Gorriko hotsak jaso ditu. Horri esker, Lurreko soinuak Marten izango lituzkeen ezaugarriak gehiago ezagutu ahal izan ditu NASAk. Izan ere, Marteko atmosferak tenperatura, dentsitate eta osaera kimiko oso ezberdinak ditu, eta horrek soinuan eragiten du. Esaterako, haren abiadura Lurrekoa baino txikiagoa da. NASAko adituek esan dutenez, gure ahotsa isilagoa eta itzaliagoa izango litzateke han gure planetan baino, eta denbora gehiago beharko genuke entzuteko. Kanpai, txilibitu edo txorien hotsak, aldiz, ia ez genituzke entzungo. Nolanahi ere, espazio agentziak Marten gure ahotsa nola entzungo litzatekeen ezagutzeko tresna sortu du. Tresnak Marteko ezaugarrietara egokitzen du grabatutakoa, eta horrekin sortzen du deskargatzeko audio pista bat. NASAren webgunean proba daiteke tresna: https://labur.eus/duJPf.