Urtero legez, Euskaltzaindiak eta UZEI terminologia eta lexikografia zentroak aukeratuta, badugu urteko hitza: zerrenda izan da 2023koa. Hau da, lursail luze eta estua’ esanahia duena. Aktualitate latzak eragindako aukera izan da. Izan ere, iazko urritik, Gazako zerrenda toponimoak ezohiko protagonismoa izan du, zoritxarrez, Palestinan egunero sufritzen ari diren giza eskubideen urraketengatik. Berez, zerrenda hitzak adiera ezagunagoak ditu. Batetik, ezagunena: ‘Bata bestearen ondoren kokaturiko gauzakiez, eta bereziki bata bestearen azpian ezarririko izenez, osatutako multzoa’; adibidez, aditzen zerrenda edo ikasleen zerrenda. Bestetik, ‘zati luze eta meharra esan nahi du; esaterako, marrazkilariek egunkari eta aldizkarietan argitaratzen dituzten formatu luzeko marrazkiei esaten zaie zerrenda. Palestinako gertakariek, ordea, hirugarren adiera jarri dute denon ahotan. Beharbada, ez hain ezaguna, baina euskarak bere-berea duena.

Eta zein izan dira 2023ko urteko hitzak?

Urteko hitza ez ezik, urteari errepasoa egiteko balio duten hitzak ere aukeratu ohi ditu UZEIk. Berriak, asko erabili direnak, erabiltzeari utzitakoak... denetarikoak izan ohi dira. 2023an, guztira, 23 aukeratu ditu: herratu, buhameen aurkako arrazakeria dela eta Zuberoako maskaradetan 'buhame' hitza ordeztu duena; sedizio; beef, musikarien arteko ika-mika; polikrisi; amazurtz, umea hil zaion ama aipatzeko; segregatu; perraka, Oihenarten poema ezezagun batzuetan agertua, emakumeaz aritzeko zirto gogorra (gizonari, aldiz, xikito esaten zaio); untxi hibrido; angulariak biltzen lan egiten dutenen jarduna izendatzeko angularitza; tentsio handiko eremu edo gune tentsionatu; erretreta; fentanilo; trokiter, besahezurraren parte dena; Gishen lauhazka eztabaida teknika, argudio engainagarrietan oinarritua; txio; onespen; tritio elementu erradioaktiboa; Europako Batzordeak debekatutako purpurina; tamalez, eguneroko bihurtutako oldarraldi judizial; dolarizatu; greba orokor feministak erdigunean jarritako zaintza; paxmina; eta urteko hitza, zerrenda.

 

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.