‘One Piece’-ren animearen bigarren bertsioa egingo dute
Eiichiro Oda egile japoniarrak sortutako One Piece istorio arrakastatsuak urte gozoa izan zuen iaz. Batetik, jatorrizko mangan oinarritutako telesaila estreinatu zuelako Netflixek. Bestetik, One Piece-ren animearen remakea egingo dutelako, Netflixek berak joan den urtearen hondarrean jakinarazi zuenez. Berez, mangan oinarritutako animea badago lehendik, 1999an hasi baitziren eskaintzen. Mangaren antzera, anime hori ere amaitu gabe dago, eta Odak istorioan aurrera egin ahala sortzen dituzte atal berriak. Orain, animearen bigarren bertsioa egingo du Netflixek, Shueisha argitaletxearekin, Fuji Television Network telebista katearekin eta Toei Animation estudioarekin batera. Adierazi dutenaren arabera, ez da lehen animearen oso desberdina izango, remakeak jatorrizko istorioa errespetatuko duelako. Aurten egin eta estreinatu nahi dute, jatorrizkoak 25 urte beteko dituen urte berean. Halaber, amaitu gabe dagoen mangak bere bidea egiten jarraituko du, mundu osoko zale ugarien gozamenerako.