Gernika-Lumon izango da aurtengo Bertso Eguna
Urtarrilaren 27an iritsiko da bertsozaleen urteko hitzordu nagusietakoa: Bertso Eguna. Azken urteotako bideari eutsita, lurraldez aldatu eta Gernika-Lumon egingo dute, Bizkaian. 2018tik izaera ibiltaria duenez, urtero lurraldez lurralde ibiltzen da. Izan ere, Bertsozale Elkarteak herrialde osoan eragitea du helburu. Ohi denez, egun osoko jaia izango da elkarteak Lilibertso bertso eskolaren, Gernika-Lumoko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatutako hitzordua. Goizean, bertso poteoa egingo dute herrian, hainbat lurraldetako bertso eskolekin. Eguerdian, bazkaria Astran, eta jarraian, leku berean, eguneko saio nagusia. Sarrerak abenduaren 19an ipini zituzten salgai bertsosarrerak.eus webgunean, beraz, Gernika-Lumon egon nahi duena ibil dadila azkar!