24. Korrika: Atharratzetik Bilbora, euskara garela erakusteko

Martxoaren 19tik 29ra egingo da 24. Korrika. AEKk antolatutako lasterketak euskararen herria zeharkatuko du, Euskara gara lelopean. Izenburu horren bidez, gizarteari mezu argia helaraziko zaio: euskara herritar guztientzat aterpe1 ireki, zabal eta erosoa da. Ane Elordi Alburquerque Korrikako arduradunak azpimarratu duenez, “euskarak denok bil gaitzake2, euskara ez baita muga, arnasa baizik”. 24. Korrikak euskararen herri eroso eta askearen aldeko aldarria zabalduko du, eta, larrialdi linguistikoan gaudenez, euskararen ekosistema babesteko eta indartzeko premia3 azpimarratuko du. Hain zuzen ere, euskaratik, euskararako eta euskaraz lanean ari den ekimen herritar bat omenduko du edizio honek: Errigora. Errigorak Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko ekoizleen produktuak zabaltzen ditu, eta euskara ofiziala ez den eremuetan hizkuntza sendotzeko lan egiten du, elkarlanaren bidez. Korrikak lan hori aitortu eta etorkizunerako hauspoa4 eman nahi dio.
1. Aterpe: babesleku, seguru sentitzeko leku.
2. Gaitzake: ahal gaitu.
3. Premia: behar handia, urgentzia.
4. Hauspo: bultzada, laguntza.
