Oinezkoei gehieneko abiadura ezarriko diete Eslovakian
Urtarrilaren 1etik aurrera, Eslovakian oinezkoak1 gehienez2 6 km/h abiaduran ibiliko dira espaloietan. Neurri hau ez da soilik oinezkoentzat, baita espaloietan bizikletak eta patineteak erabiltzen dituztenentzat ere. Eslovakiako Gobernuak onartu du legea, oinezkoen segurtasuna handitzeko eta istripuak3 gutxitzeko. Izan ere4, pertsonak normalean 4 eta 6 km/h artean ibiltzen dira; patinete elektrikoak, aldiz, 20 eta 25 km/h artean. Oposizioa ez dago ados legearekin. Uste du “absurdoa” dela eta oinezkoak espaloietatik kanporatuko dituela. Gainera, txirrindularientzat oso zaila da abiadura txikian oreka5 mantentzea. Oposizioaren ustez, oinezkoen benetako arazoa autoak dira, ez bizikletak edo patineteak. Estatistikek ere hala erakutsi dute: 2024an, adibidez, hiru istripu bakarrik gertatu ziren patinete eta oinezkoen artean. Hau da, istripuak gutxitzeko, hobe da bizikletetarako bide seguru gehiago egitea.
1. Oinezko: peatón, -ona (es), piéton, -onne (fr).
2. Gehienez: como máximo (es), au maximum (fr).
3. Istripu: accidente (es), accident (fr).
4. Izan ere: de hecho (es), en fait (fr).
5. Oreka: equilibrio (es), équilibre (fr).

