Haur eta nerabe askok pisu gehiegi dute

Munduko haur eta nerabe1 askok loditasuna2 dute, eta hori pisu baxua izatea baino ohikoago bihurtu da, lehen aldiz. Unicef erakundeak gaztetxoen malnutrizioa aztertu du ikerketa batean; 190 herrialdeko baino gehiagoko datuak aztertu ditu. Emaitzen arabera, 2000. urtean, 5 eta 19 urte arteko gaztetxoen artean, % 13k zuten pisu baxua; orain, % 9,2k. Loditasuna zutenak, aldiz3, % 3 ziren lehen; egun, % 9,4 dira. Munduan, 301 milioi haur eta nerabek dute gehiegizko pisua, eta horietatik 163 milioik loditasuna. 2000n, 194 milioi umek zuten pisu handiegia, eta 58 milioik loditasuna. Halako pisuak eragin kaltegarriak izan ditzake osasunean. Pisu igoera handiagoa da diru sarrera gutxi edo ertainak4 dituzten herrialdeetan, gero eta janari ultraprozesatu gehiago jaten dutelako. Hori dela eta, Unicefek dio beharrezkoa dela dieta orekatuak berreskuratzea eta gobernuek neurriak hartzea, haurrek elikadura5 osasungarria edukitzeko.
1. Nerabe: adolescente (es), adolescent, -e (fr).
2. Loditasun: obesitate.
3. Aldiz: por el contrario (es), par contre (fr).
4. Ertain: intermedio, -a (es), intermédiaire (fr).
5. Elikadura: alimentación (es), alimentation (fr).
