Zorioneko bostekoa
Joan den hilean aurkeztutako aurkikuntza arkeologikoak bazterrak harrotu ditu, baita ilusio handia piztu ere: Aranzadi Zientzia Elkarteak azaldu du esku itxurako pieza berezi bat aurkitu zutela iazko ekainean Arangurengo Irulegi mendian (Nafarroa). Kristo aurreko I. mendeko pieza brontzezkoa da, eta lau lerroko inskripzioa du, euskararen aurrekaritzat hartzen den baskonikoz idatzia. Lehen hitza sorioneku gisa transkribatu dute, baina oraingoz ezin besterik argitu. Alabaina, adituen esanetan, aurkikuntzak frogatu du Irulegiko biztanleek baskonikoz hitz egiten eta idazten zutela duela bi mila urte baino gehiago, alegia, erromatarrak bertara iritsi aurretik. Ikerketa lana hasi baino ez da egin, denbora beharko baita arbasoek utzi ziguten ondarea aztertu eta ondorioak ateratzeko. Izan ere, brontzezko piezak galdera gehiago sortu ditu erantzunak baino, baina zorioneko galderak. Hauxe, kasu: orain arteko indusketa lanek halako emaitza izan badute, 370 metro karratuko azaleran, zer gehiago ez ote da aurkituko Irulegin Aranzadiren ikerketak aurrera egin ahala?