Helduen euskalduntzean eragiteko neurriak proposatu ditu sektoreak
Euskalgintzaren Kontseiluak neurri estrategikoak eskatu ditu helduen euskalduntzea bultzatu eta indartzeko. Sektoreko eragileekin (tartean, AEK) garatu du proposamena, bi ardatz nagusi dituena. Batetik, euskara ikasteak inolako kosturik ez izatea. Hots, prozesu osoa doakoa izatea eta ikasleek, beraz, dirurik aurreratu behar ez izatea. Bestetik, helduek euskara ezagutzeko beharra sentitzea, horretarako motibazioa bultzatuta eta bitarteko egokiak eskura jarrita. Hori guztiori lortzeko, Euskal Herri osoan eragina izango duen marko juridiko-finantzarioa ere beharrezkotzat jo du Kontseiluak. Era berean, Euskal Herri osoa hartuko duen Helduen Euskalduntzerako Agentzia sortzea proposatu dute. Hau da, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko helduen euskalduntzeaz arduratzeko erakundea, banaketa administratiboa gaindituta. Egitura egonkor eta iraunkorra litzateke, aldian aldiko gorabehera politikoen mende egon gabe.