Hamabost urtetik beherakoei sare sozialak debekatuko dizkiete Frantzian

Frantziako Asanblea Nazionalak lege-proiektu bat onartu berri du hamabost urtetik beherako gazteei sare sozialetarako sarbidea1 debekatzeko. Lege-proiektuak bere bidea jarraituz gero, aurtengo irailean sartuko da indarrean. Frantziako Legebiltzarreko hainbat alderdiren babesa izan du, baita Frantziako Gobernuarena ere. Mota horretako debekua onartzen duen Europako lehen herrialdea izango da Frantzia, eta munduko bigarrena. Izan ere, Australiak antzeko neurria hartu zuen iaz, baina debekua hamasei urtetik beherako gazteei ezarrita. Frantzian eta Australian ez ezik2, beste herrialde askotan ere puri-purian3 den kezkari erantzuten dio legeak: sare sozialek gazteengan dituzten eragin kaltegarriak. Eztabaida handia sortzen du gaiak, baita aurre egiteko moduak ere: debekatu, debekurik gabe gazteak hezi... Eztabaidak eztabaida, Ipar Euskal Herriko gazteek debekatuta izango dituzte sare sozialak irailetik aurrera.
1. Sarbide: acceso (es), accès (fr).
2. Ez ezik: no solo... sino también (es), non seulement... mais (fr).
3. Puri-purian: de actualidad (es), d'actualité (fr).
