Nor kaltetuko du gehien klima-aldaketak?

Klima-aldaketaren kalteek besteei eragingo diete gehiago norberari baino. Hala uste du jende askok, Nature Sustainability aldizkarian argitaratutako azterketa baten arabera. Goteborgeko Unibertsitateko (Suedia) ikertzaile-talde batek egin du, nazioarteko 83 ikerketa aztertuz. Guztira, 17 herrialdetako 70.000 lagunen baino gehiagoren iritziak daude jasota ikerketa horietan. Emaitzaren arabera, parte-hartzaileen % 65ek uste dute klima-aldaketaren kalteak pairatzeko1 arrisku txikiagoa dutela, “besteekin” alderatuta2. Ondorioz, ikertzaileen ustez, klima-aldaketarekin lotutako arriskuak modu sistematikoan gutxiesten3 ditu jendeak, baita ondorioak seriotzat jotzen dituztenean ere. Ikerketaren egileen aburuz4, pertzepzio horrek klima-aldaketaren aurka jarduteko norbanakoen gogoa gutxi dezake. Jarrera hori Europan sumatu5 dute gehien. Hots, klima-aldaketa gehien nabaritzen ari den kontinentean.
1. Pairatu: sufritu, jasan, nozitu.
2. Alderatu: konparatu, erkatu.
3. Gutxietsi: subestimar (es), sous-estimer (fr).
4. Aburuz: ustez, iritziz, ustetan.
5. Sumatu: percibir (es), percevoir (fr).
