Euskadiko Selekzioaren ofizialtasuna behin betikoa izatear da

Kirolaren Arbitraje Auzitegiak (KAA) ebatzi1 duenez, ez du eskumenik2 Espainiako Pilota Federazioak Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasunaren aurka jarritako helegitea3 erabakitzeko. Ondorioz, bidea eman dio euskal selekzioaren ofizialtasunari, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak 2024ko abenduaren 28ko batzarrean hartu zuen erabakia bere horretan4 geratuko delako. Hau da, Euskadiko Federazioa Nazioarteko Federazioko kide izatea eta, beraz, ofizialki lehiatu ahal izatea. Erabakiari helegitea jarri zioten Espainiako eta Kubako federazioek (Kubakoak kendu egin zuen gerora), eta orain etorri da KAAren ebazpena. Kirol-arloan auzitegi gorena denez KAA, erabakiak ez du atzera-bueltarik. Gehienez ere, Espainiako Federazioak Suitzako Justizia Auzitegian jar dezake helegitea, baina auzitegi horrek KAAren erabakiaren aurka egitea ia ezinezkotzat jo dute Euskadiko Federazioko ordezkariek.
1. Ebatzi: erabaki.
2. Eskumen: competencia (es), compétence (fr).
3. Helegite: errekurtso.
4. Bere horretan: dagoen bezala, aldatu gabe.
