Balea urdin batek hamar milioi mikroplastiko jan ditzake egunean
Kaliforniako Estatuko eta Stanfordeko unibertsitateetan (AEB) egindako ikerketa baten arabera, Kaliforniako kostaldean elikatzen den balea urdin batek 10,9 milioi mikroplastiko irensten ditu egunero. Mikroplastiko bakoitzak batez beste miligramo bat pisatzen duela kontuan hartuta, egunero 10,9 kilo plastiko irensten dituzte baleek. 2010etik 2019ra, hiru espezietako 220 zetazeoren jarraipena egin zuten ikertzaileek: 129 balea urdin, 65 xibarta eta 29 zere arrunt. Balea urdinak baino txikiagoak izanik, zere komunek egunean 5,8 milioi mikroplastiko irensten dituzte, eta xibartek, berriz, 3,9 milioi. Ikertzaileek diotenez, baleek jaten duten krillean daude mikroplastiko gehienak. Hau da, plastiko zati nanoak kate trofikoaren parte dira jada. Mikroplastikoak animalien gorputzean pila daitezkeela jakina denez, baleengan izan ditzaketen ondorioak aztertzeko balio dezake ikerketak, egileen ustez.