Duela 4.000 urteko bisonte baten hezurdura topatu dute Urbasan
Aurkikuntza garrantzitsua egin dute Nafarroan, Urbasa-Andia parke naturaleko Arrafela leizean: duela 4.000 urteko, Kalkolitiko garaiko, bisonte baten hezurdura1 ia osoa. Erradiokarbono bidez aztertuta zehaztu dute garaia. Gainera, saihetsen2 artean kobrezko gezi3-punta bat du, eta horrek ere balio izan du data ezartzeko. Zientzialarien ustez, bisonte europarra izan daiteke. Dena dela, DNA analisiekin baieztatu behar dute hipotesia. Hala izanez gero, mota horretako lehena litzateke Iberiar penintsulan. Beste hipotesi bat ere badute: X kladokoa izatea. Bisonteei dagokienez, azterketa genetikoetan antzematen dute X kladoa, baina ez dakite nolako anatomia zuten. Beraz, halakoa balitz, espezie horren lehen hezurdura osoa izango litzateke. Arrasto gehiago ere topatu dituzte Arrafelan. Esaterako, duela 12.000 urte galdutako espezie baten hondakinak4: haitzuloetako lehoia (Panthera spelaea).
1. Hezurdura: esqueleto (es), squelette (fr).
2. Saihets: costilla (es), côte (fr).
3. Gezi: flecha (es), flèche (fr).
4. Hondakin: resto (es), reste (fr).
