Svalbard uharteetan, izotza gutxitu arren, hartz zuriak loditzen?

Hartz zuriek1 funtsezkoa2 dute izotza bizirauteko3; ondorioz, klima-aldaketak zuzeneko kaltea eragiten die: izotz-eremuak murriztu4 ahala, elikagaiak eskuratzea zailagoa dute eta gosez hiltzeko arriskua handiagoa da. Hala ere, Norvegiako Institutu Polarraren ikerketa batek kontrakoa antzeman5 du Svalbard uharteetan. 1992tik 2019ra, 770 hartz zuri helduren6 pisua eta tamaina neurtu zituzten. 1995. urtetik 2000.era, izotza gutxitzeaz batera hartzak argaldu7 egin ziren. Ondoren, ordea, nahiz eta izotz gutxiago izan, egoerak hobera egin du, eta hartzek pisua hartu dute. Ikertzaileen arabera, Svalbardeko hartzak egoera berrira egokitu8 dira. Beste eskualde batzuetako hartzak ez bezala, lurreko elikagai gehiago kontsumitzen hasi dira, elur-orein9 gehiago ehizatuz, adibidez. Hala ere, adituek ohartarazi dute Svalbarden sumatutako10 joera baikorra ez dela orokorra eta hartz zurien etorkizuna kolokan11 dagoela. Ikerketa Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute.
1. Hartz zuri: oso polar (es), ours polaire (fr).
2. Funtsezko: fundamental (es), fondamental, -e (fr).
3. Biziraun: sobrevivir (es), survivre (fr).
4. Murriztu: disminuir (es), diminuer (fr).
5. Antzeman: darse cuenta (es), se rendre compte (fr).
6. Heldu: adulto, -a (es), adulte (fr).
7. Argaldu: adelgazar (es), maigrir (fr).
8. Egokitu: adaptar(se) (es), (s')adapter (fr).
9. Elur-orein: reno (es), renne (fr).
10. Sumatu: antzeman, nabaritu.
11. Kolokan (egon): dudazkoa izan.
