Harro, baina ez konforme
Arg: FOKU.
Garazi Arrula Ruiz idazle eta itzultzaileak lekukoak barruan zeraman mezua leitutakoan amaitu zen 23. Korrika, inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena, baita ikusiena ere. Jendetsua izan da, oso, egunero eta gauero ikusi eta bizi ahal izan dugunez. “Herria harro egoteko modukoa”, AEK-k nabarmendu duen moduan. Harro bai, “baina ez konforme”. Arrulak mezuan aipatu moduan, euskarak “ekosistema osoa” behar duelako: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria. “Egunerokoa hartu behar du, biziko bada”. Eta, horretarako, “kontingentzia planik ez, egiazko trantsizioa nahi dugu”. Nahi eta behar. Euskara ez delako “ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Ez agur bat, ez txapa bat paparrean, ez lur zatitu bat”. Ez delako “brilli-brillizko bilgarria, ez trukerako txanpona. Eta batez ere, batez ere, ez da diskriminazio iturri, ez inposizio”. Euskara “nor izatearen aitortza” da, herriak harro erakutsi duenez. Ez gehiago, ez gutxiago. Mezuak esan bezala, “oxala, hizkuntza bat balitz, eta fini”.