Zuzi olinpikoak Euskal Herria igaroko du
2024ko Olinpiar Jokoak uztailaren 26tik abuztuaren 11ra jokatuko dira, Parisen (Frantzia). Hala, gutxi falta denez, atzerako kontaketa martxan da. Horren erakusle, zuzi olinpikoa jada Pariserat bidean dela. Iragan apirilaren 16an piztu zuten, Grezian, ohiturari jarraikiz antzinako Olinpiaren hondakinak dauden tokian. Herrialde heleniarrean abiatuta, 101 egunez Pariserainoko ibilbidea beteko du. Tartean, Euskal Herria ere igaroko du. Izan ere, 12. etapan, Ipar Euskal Herriko zenbait herritan ibiliko da. Besteak beste, maiatzaren 20an Miarritze, Angelu, Donibane Lohizune, Baiona eta Hazparne igaroko ditu, eguna Euskal Herritik kanpo, Pauen, amaitzeko. Udako hitzordua helburu, hurrengo asteetan Frantziako hainbat eskualde zeharkatuko ditu zuziak, uztailaren 26an Parisera ailegatu aitzin.