Bihotzak nahiago du taberna eta janari azkarreko jatetxeetatik gertu ez bizi
Jaten dugunak bakarrik ez, inguruko janari eskaintzak ere eragina izan dezake gure bihotz osasunean. Taberna eta janari azkarreko jatetxeetatik gertu bizi direnek gutxiegitasun kardiakoa izateko arrisku handiagoa dute, Circulation Heart Failure aldizkarian kaleratutako ikerketa baten arabera. Zehazki, aukera hori % 14 handiagoa da taberna eta pubetatik kilometro batera edo gutxiagora bizi direnen artean, eta % 13 gehiago distantzia 500 metrokoa bada. Janari azkarreko jatetxeen kasuan, kilometro batera baino gutxiagora bizi direnen probabilitatea % 12 handiagoa da, eta % 10 gehiago 500 metrora bizi direnei dagokienez. New Orleans-eko Tulane Unibertsitateak (AEB) egin du ikerketa, Erresuma Batuko 500.000 helduren datuak hamabi urtez aztertu ostean. Halere, gehienak adinekoak zirela kontuan hartuta, ikerketa hankamotz dagoela onartu dute. Hori bai, ingurunearen garrantzia nabarmentzeko baliagarria dela uste dute. Gainera, beste zenbait faktore ere antzeman dituzte. Adibidez, hezkuntza maila hobeak arriskua murrizten duela, baita etxe inguruan kirol azpiegiturak edukitzeak ere.