Gaztainak erretzeko tresna gaurkotu nahi?
Abian da HAU Euskal Herriko Objektu Tradizionalen Diseinu Lehiaketaren zazpigarren edizioa. Aurtengoan, gaztainak erretzeko tresna izango da berritu beharreko tresna tradizionala. Bitamine Faktoriak eta Donostiako San Telmo Museoak antolatzen dute lehiaketa, euskal kulturako objektu tradizionalak gaurkotzeko helburuarekin. Gaztainak erretzeko tresna tradizionalari dagokionez, hainbat motatakoak topa daitezke: oinarria zulatua zuen zartagin handia, adibidez, edo XIX. mendearen erdialdetik gehien erabiltzen den danbolina. Bata zein bestea aukeratu, egindako lanak maiatzaren 12a baino lehen aurkeztu beharko dira. Sari bakarra emango dute, 2.000 eurokoa. Halere, lehiaketan parte hartutako lan nabarmenak San Telmo Museoan jarriko dituzte ikusgai erakusketa batean. Oinarri zehatzak Bitamine Faktoriaren webgunean ipini dituzte: https://bitamine.net.