Itxia, baina ez isildua
Hogei urte joan dira. Minak eta amorruak baretu egin dira, baina iltzatuta dugu memorian nola itxi ziguten garai hartan euskara hutsean kaleratzen zen egunkari bakarra: Euskaldunon Egunkaria. Bidegabeki sartu ziren guardia zibilak, Luis Del Olmo epailearen agindupean, hedabidearen egoitzan eta bertako langile eta zuzendarien hainbat etxebizitzatan. Atxilotu egin zituzten, baina handik zazpi urtera, errugabeak zirela onartu behar izan zuten. Euskal gizartearen babes moral eta ekonomikoa jaso zuen orduan egitasmoak. Egunkari berria kaleratu zen urte hartako ekainean, Berria, hain zuzen. Baina bitartean, Egunkaria itxi eta hurrengo egunean bertan hasita, Egunero kaleratu zuten langileek, egunero, lau hilabetez. Euskaldunon Egunkariaren eta Berriaren arteko katebegia izan zen, hedabidea itxi arren egitasmoak bizirik irauten zuela erakusten zuena. Egunero behar genuen liburua argitaratu berri du orduan Egunkariko kazetaria zen Imanol Murua Uriak, lau hilabete haien kontakizuna. Kalte ordainik eta erreparaziorik jaso ez arren, memoriari sendo eutsi behar zaiolako.