UEMAK Esnatu dinamika abiarazi du arnasguneetan euskararen gainbehera iraultzeko

Esnatu izeneko dinamika jarri du abian UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 18 eragilerekin batera, euskarak eremu euskaldunenetan bizi duen egoerari aurre egiteko. Gaur egun bezala jarraituz gero, Euskal Herriko eremu euskaldunenetan ere euskarak atzerantz egingo duela diote ikerketek. “UEMAk argi du arnasguneak1 eta lurgune euskaldunena giltzarriak2 direla euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela”, azaldu du UEMAko lehendakari Martin Aramendik. Horrenbestez, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan eragiteko lehen 18 eragileren konpromisoak bildu ditu UEMAk Esnatu dinamikaren bitartez. Eragileen artean dago, besteak beste, AEK. Ekimenari buruzko nondik norako guztiak labur.eus/esnatuEUS webgunean jaso dira. Adibidez, bertan ikus daitezke eragile bakoitzak hartutako konpromisoak, baita ekimenarekin bat egiteko3 bideak ere. UEMAk azaroaren 28an emango dio amaiera dinamikari.
1. Arnasgune: nicho vital del euskera (es), niche vitale du basque (fr).
2. Giltzarri: clave (es), clé (fr).
3. Bat egin: unir(se (es), s'unir (fr).
