Agur dosi bakarreko ketchup- eta maionesa-zorroei
Europako taberna eta jatetxeek aldatu egin beharko dute ketchupa, maionesa, olioa, azukrea, gatza eta antzeko gozagarriak1 eskaintzeko modua. Izan ere, dosi bakarreko zorroak2 debekatu egingo dituzte. Europar Batasunak (EB) ezarritako3 araua da, erabilera bakarreko formatuak desagerrarazteko helburuz. Horrela, plastikozko hondakinak⁴ gutxitu nahi dituzte. Araua aurtengo abuztuan sartuko da indarrean⁵. Hotelek ere egokitzapenak⁶ egin beharko dituzte, eta bezeroei ezin izango dizkiete eskaini xanpu edo higiene produktuen poto txikiak. Araua betetzeko, negozioek bestelako⁷ aukerak bilatu beharko dituzte, baina beti bezeroen beharren eta elikadura-segurtasunaren arteko oreka⁸ zainduta. Ostalaritzan, dagoeneko hasi dira aukera berriak probatzen: ontzi berrerabilgarriak⁹ edo material konpostagarriak, adibidez. Beste aukera bat da ongailuak10 bezeroek eskatzen dituztenean soilik ematea. Arauak betetzen ez dituzten establezimenduek isunak jasoko dituzte.
1. Gozagarri: aderezo (es), assaisonnement (fr).
2. Zorro: poltsa.
3. Ezarri: inposatu.
4. Hondakin: resto (es), reste (fr).
5. Indarrean sartu: entrar en vigor (es), entrer en vigueur (fr).
6. Egokitzapen: adaptación (es), adaptation (fr).
7. Bestelako: desberdin, beste era bateko.
8. Oreka: equilibrio (es), équilibre (fr).
9. Berrerabilgarri: berriz erabili ahal dena.
10. Ongailu: gozagarri.

