Korrikaren ahizpetan ere, lasterka!

Hizkuntza gutxiagotuen1 aldeko lasterketek ez dute etenik2. 24. Korrika amaitu ondoren, apirilean eta maiatzean Korrikaren hiru ahizparen txanda iritsi da. Lehenik, katalanaren aldeko Correllengua, apirilaren 19tik maiatzaren 5era. Ondoren, La Passem: apirilaren 30ean Bedósen hasita, maiatzaren 9an amaituko da Angelun. Azkenik, bretoieraren3 aldeko Ar Redadeg, maiatzaren 8tik 16ra Bretainian. Hiru lasterketetan AEKko eta Korrikako ordezkariek4 parte hartu edo hartuko dute. Correllenguan, apirilaren 21ean, ordezkariak Bartzelonan egon ziren, nazioarteko kilometroan, beste hizkuntza gutxiagotu hauen aldeko kideekin batera korrika: irlandera, gaelikoa, bretoiera, amazigera eta aragoiera. Maiatzaren 9an, La Passemera joango dira; eta hilaren5 16an, Ar Redadegera, Nantes hirian.
1. Hizkuntza gutxiagotu: lengua minorizada (es), langue minorisée (fr).
2. Eten: pausa(se) (es), pause (fr).
3. Bretoiera: bretón (es), langue bretonne (fr).
4. Ordezkari: representante (es), représentant (fr).
5. Hil: mes (es), mois (fr).
