Agur Cervino mendiari Toblerone txokolateetan
Goxoak ez ezik, aski ezagunak ere badira Toblerone txokolateak: mendi itxura dute txokolate barraren puskek, eta kutxan Matterhorn-Cervino mendi ezagunaren tontorraren marrazkia ageri da. Bada, aurrerantzean, mendiaren irudia kendu beharko dute kutxetatik, Suitzako legeak hala behartuta. Izan ere, Toblerone markaren egungo jabeak, AEBetako Mondelez konpainiak, txokolate ezaguna Eslovakian ekoizten hasiko dela iragarri du. Suitzan, nazio ikurrak babesteko lege bat dago. Horren arabera, esnekietan erabiltzen diren produktuetan ezin dira ikur nazionalak erabili, ez badira oso-osorik Suitzan eginak. Bada, Tobleronerekin gauza bera gertatuko da: 1908an sortu zuen Theodor Toblerrek, eta, XX. mendean jabez aldatu bazuten ere, orain arte Suitzan ekoitzi izan dute, Ingenbohl herrian, zehazki. Eslovakiara lekualdatuta, Matterhorn-Cervino gehiagorik ez da agertuko kutxetan. Horren ordez, Mondelez konpainiak mendi baten irudi orokorra erabiliko duela jakinarazi du.