Tourra, beroarengatik arriskuan

Frantziako Garapenerako Ikerketarako Institutuak (IRD) ohartarazi duenez, udako kirol-lehiaketa asko arriskuan egon daitezke, berotze globalaren eta tenperaturen etengabeko igoeraren eraginez. Adibidez, Frantziako Tourra. Ikerketan, 1974 eta 2023 arteko Tourretako baldintza klimatikoak aztertu dituzte, WBGT indizeari (tenperatura, hezetasuna, eguzki-erradiazioa eta haizea hartzen ditu aintzat) erreparatuta1. Ondoren, indize horrek Txirrindularien Nazioarteko Batasunak (UCI) ezarritako arrisku handiko maila zenbatetan gainditu duen aztertu dute. Azterketaren arabera, txirrindulariek estres termikoa jasateko arriskua etengabe handitu da, batez ere azken hamarkadan, eta azken urteetan txiripaz2 saihestu dituzte arrisku handiko hainbat egoera. Dena dela, estres termikoak lasterketa baldintzatzea denbora-kontua da, eta neurriak hartu beharko dira, beroak kirolarien osasuna arriskuan jartzen duelako. Scientific Reports-en argitaratu dute ikerketa.
1. Erreparatu: arreta jarri.
2. Txiripaz: de chiripa (es), par hasard (fr).
