Arrosa irrati libreen sarearen topaleku izango da Errenteria
Martxoaren 4an egingo dira Arrosa sarearen X. Topaketak. Errenterian egingo dira, bertako Zintzilik irrati librearen eskutik. Hain zuzen, Zintzilik irratiaren egoitzan hasiko dute eguna, parte hartzaileei harrera egin eta gosaria eskainita. Jarraian, 11:00etatik aurrera, hitzaldiak eta tailerrak edukiko dituzte. Gaztaino Auzo Elkarteak bi tailer jasoko ditu: Telekomunikaziorako irrati-loturak eta Azura automatizazio eta kontinuitaterako softwarea. Mikelazulo elkartean, berriz, solasaldia izango dute, Irrati libreen legeztatzea: kontrak eta onurak hizpide. Zintzilik irratian, Arrosa irratien arteko irratsaioa eta audionobela izango da hizketagaia. Gero, eguerdian, bazkaria egingo dute, bingo musikal eta guzti. Azkenik, 17:30ak aldera, poteo musikalarekin agurtuko dituzte jardunaldiak. Arrosa euskal irrati libreen sareak 20 urte bete ditu dagoeneko, eta egun 25 irrati dira bertako kide.